Jaime Valverderen Itzala berrikuspena Gara
Link al artículo
Iragan asteburuan Kabia taldeak «Itzalak» izeneko bere azken lana aurkeztu zuen Berriozarren IV. Antzerkizale Egunaren barruan, EHAZEk (Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea) antolatua. Aurten Iruñea inguruko herri horretan biltzea erabaki dute antzerkizaleek «Jalgi hadi taulara» lelopean eta helburu nagusi batekin: Nafarroan euskal teatroa suspertzea.
Helburu hori nola lortu izan zen, hain zuzen, ostiralean antolatu mahai-inguruaren haria, herrialdeko teatroaren diagnostikoa egitearekin batera. Ion Barbarin aktoreak eta Belen Alvarez banatzaileak adierazi zuten ikusle falta dela arazo handienetako bat Nafarroan. Izan ere, Ismael Yagüe irakasleak teatro eskolei esker antzerkizaleak sortzen ari direla nabarmendu arren, publiko helduaren eta haurren artean antzemandako desoreka partaide gehienen ahotan egon zen, Fermin Irigoien eta Iñaki Azkona, kasu. Azken hau kexu agertu zen antzerkia sustatzeko diru-laguntzarik apenas dagoelako, eta ildo beretik, NAPAEko (Nafarroako Arte Eszenikoen Profesionalen Elkartea) Ainhoa Juanizek aldarrikatu zuen nafarrak diren unetik eskubidea dutela Nafarroan euskaraz lan egiteko baldintza duinetan. Baina trabak eta gabeziak gorabehera, parte hartzaileak bat etorri ziren aurrerapenak gutxika egiten ari direla seinalatzean: esaterako, gero eta antzeztalde euskaldun gehiago sortzen ari direlako, eta Xabi Lopezek adierazi bezala, teatroa hezkuntza curriculumean sartzea lortu delako.
Larunbatean antzerkia bera izan zen protagonista. Berriozarrera hurbildu ziren zaleek irakurketa dramatizatuekin hala nola ume zein helduentzako tailerrekin gozatzeko aukera izan zuten goizean herriko kulturgunean. Herri bazkariaren ondoren, Txikik (Jon Martinez) mahai-lagunen algarak eragin zituen bere bakarrizketekin eta, jada ilunabarrean, Mikroantzerkien Zirkuituari eman zioten hasiera herriko zenbait tabernatan. 19.30ean Musika Eskolan Antzerkizale Egunaren manifestua irakurri zuen Demodé Quartet taldeak, gitarra eta kaxoi flamenkoaren laguntzaz, eta horren ostean EHAZE 2013 Saria banatu zuten. Berako Mugaz Gain izeneko eskola-teatro jaialdia izan da aurten goretsi nahi izan duten ekimena, azken 15 urteetan egindako hezkuntza-lan estimagarriagatik.
Kabiaren «Itzalak» obrarekin amaiera eman zioten asteburuari. Lanaren abiapuntua pertsona baten eta bere itzalaren arteko jolas eszenikoa dugu. Horri oinarri literario bat emate aldera, Sarrionandiaren «Itzalarekin solasa» eta Atxagaren «Bagdadeko morroia» ipuinetan oinarritu da Jokin Oregi (Tartean Teatroa) testua paratzeko.
Film beltzen estetika gogorarazten duen eszenografia soil batekin, antzezlanak galtzailearen irudia baliatzen du bizitzaren txikikeriek duten garrantziaz hausnarketa egiteko. Protagonistak, Nor izeneko gizajo batek, soraioki xahutu ditu bere bizitzaren urte gehienak, eta itzalaren itxura duen Heriotza etxean agertzen zaion arte, ez da ohartuko galtzeko zorian duenaren balioaz. Obra honetan nabarmentzekoak dira aktoreen presentzia eszenikoa eta koreografiak, hala nola han-hemenka eskaintzen diren konposizio bisual gogoangarriak; betiere Borja Ruiz zuzendariak aspektu bisualei ematen dien trataera fin eta landuaz.
Batik bat ikusgarri suertatzen dira Florentino Badiolak Itzalari ematen dizkion eitea eta mugimenduak, zeinekin kapaza den Heriotza bezalako izaki etereo bat tauletan gorpuzteko erronkari bikaintasunez aurre egiteko. Hori bai, esan beharra dago Itzalaren ikusgarritasuna Joseba Uribarrik eskaintzen dion kontrasteari esker sortzen dela hein handi batean: bata liraina eta harmoniatsua; bestea baldar eta traketsa. Izan ere, Uribarrik erabat asmatu du berez ezdeusa den pertsonaia hori publikoarentzat erakargarri bilakatzean. Zalantzarik gabe, «Itzalak» baliabide urriekin baina taxuz buruturiko obra interesgarri bat dugu.